HAZINNOVA PROGRAMAK BERRIKUNTZA PROIEKTUAK BULTZATZEA DU HELBURU, EUSKO JAURLARITZAKO SPRI ETA INNOBASQUEREN ESKUTIK, ETA LEHEN DEIALDI HONETAN 342 ENPRESA SARITU DITUZTE, HORIEN ARTEAN IKERTEK S.L ENPRESA IGORRETARRA

Durangoko San Agustin Kultur gunean egin zen ekitaldia joan den irailaren 23an, AED erakundeak antolatuta, eta Errota Fundazioa erakunde laguntzaile gisa aritu zen.  Proiektuan parte hartu duten enpresek zegokien errekonozimendua jaso zuten, horien artean Ikertek S-L enpresak. Pertsonen kudeaketa hobetzen, langileen konpromisoa eta motibazioa handitzen laguntzeko proiektua garatu zuen Ikertekek. Juan Angel Iglesias enpresako CEO-ak jaso zuen saria.  

Iratxe Goikoetxea, Errota Fundazioko koordinatzaileak, aitorpen honen garrantzia nabarmendu du: “ Europar Batzordeak europar eskualdeek berrikuntza arloan duten maila neurtzeko adierazlea dauka, Regional Innovation Scoreboard izenekoa. 2021ean berrikuntza handiko eremu gisa izendatu dute EAE, eta hori berri pozgarria den arren, Errota bezalako erakundeentzat erronka ere bada. Azken finean, gurea bitartekaritza lana da, erakundeak eta enpresak lotzen ditugu, bai batzuentzat eta bai besteentzat interesgarriak izan daitezkeen proiektuen lanketa lagundu eta eraginez”. Hazzinovaren kasuan, Goikoetxeak proiektuaren helburua azaldu du: “Doako aholkularitza zerbitzua da, aholkularitza aditu baten 50 ordu enpresaren  esku jartzen dira,  eta baita laguntza zerbitzua ere,  lana antolatzeko modu berriak edo enpresako produktu eta zerbitzuak merkaturatzeko modu berriak ezartzeko.”.

Ekitaldian Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak, Aitor Urzelai, SPRI taldeko Zuzendari Nagusiak, eta Leire Bilbaok, Innobasque-ko Zuzendari Nagusiak hitza hartu zuten, saritutako enpresen nortasun berritzailea nabarmenduz.

Ikertek S-L enpresaren kasuan,  1985ean sortu zen, eta Makineria Berezia eta Prozesuen Automatizazioa fabrikatzen dituen enpresa da. Igorren dago kokatua, eta jarduera handiko konglomeratu industrial bat du bere inguruan, automobilgintzaren, elektrizitatearen, makina-erremintaren eta abarren sektoreetan. Ikertek-en plantilla fabrikazio-prozesuak barne hartzen dituen arlo desberdinetako profesionalek osatzen dute, diseinutik hasi eta abian jarri arte.

Recommended Posts