IRATXE GOIKOETXEA- ERROTA FUNDAZIOKO KOORDINATZAILEA

2021. urteko balorazioa egin dugu Iratxe Goikoetxea Errota Fundazioko Koordinatzailearekin batera. Pandemiak oraindik orain Arratia eskualdeko enpresa eta erakundeen lana asko baldintzatzen duen arren, esperantzarako zantzuak ikusten ditu Goikoetxeak.

Zein da 2021eko zure balorazioa?
Arratiako Garapen Agentzia garen heinean bailararen egoera kontutan hartu behar dugu lehenik eta behin. Ikerketa bat egin dugu Arratiako enpresa eta langileen datuei erreparatuz, eta joera hoberanzkoa da. COVID-19ak eragindako itxialdiaren eraginez, langabetu kopuruak nabarmen egin zuen gora 2020an zehar, baina datuek hobera egin dute ordutik hona, eta 2021eko abenduan 611 pertsona zeuden langabezian, pandemia hasi baina 48 gutxiago. Enpresei dagokienez, ahalik eta harreman estuena izaten saiatzen gara, eta badakigu, lan egiten duten sektoreetan pandemiak eragindako lehengaien eskasia nabaritzen ari direla, eta erronka izaten ari dela berriz martxa hartzea.

Eta Errotari dagokionez?
Aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu. Alde batetik, uztailetik aurrera beste langile bat batu da Errotaren proiektura. Orain bi gaude bulegoan, eta horrek onura nabarmenak ekarriko ditu barne zein kanpo lana antolatzerako orduan, edo enpresekin kontaktua areagotzeko.

Bestetik, komunikazio plana garatzen jarraitzen dugu. Garrantzitsua da azpimarratzea plan hau ez dela Errotarentzat bakarrik, Arratiako enpresekin partekatu nahi dugu, azken finean, Errotan parte hartzen duten  8 udalekin batera haiek direlako protagonistak. Egiten dutena, egiten duten horrek Arratiarentzat duen balio erantsia eta gure enpresa handi zein txikiek egiten duten ekarpena erakutsi eta azpimarratu nahi dugu.

Zeintzuk izan dira 2021ean landu dituzuen proiektu nagusiak?
Gure proiektu guztiak elkarlanean garatzen ditugu, bai beste garapen agentzia edo udalekin zein erakundeekin, Foru Aldundia edo Eusko Jaurlaritza, kasurako. Zeozer azpimarratzekotan izan dugun bilakaera izango litzateke: Errota Fundazioa lanean hasi zenean “Bizkaia Orekan Sakonduz” proiektuan sartu zen. Urtean proiektu batekin hasi ginen, ondoren bi, eta gaur egun 6 proiektu garatu ditugu urtean zehar: Salbide 2021, Smart mobility, Hazinnova, Challenge 4.0, Gobernantza Ereduaren azterketa…Horrek enpresei gehiago laguntzeko aukera eman digu, eta guretzat enpresekiko hurbiltasun hori funtsezkoa da.

Eusgara proiektua ere aipatu nahiko nuke. Euskara lan eremuan eta enpresa munduan txertatzeko ekimena da, bi hanka dituen proiektua; batetik Zulaibar ikastetxearekin batera lantzen ari gara, bertatik irteten diren ikasleek praktikak euskaraz egin ditzaten. Bestetik euskara enpresen egunerokotasunean txertatzeko lanean ari gara. Pozik gaude, Eusgara proiektua beste eskualde batzuetara zabalduko dela ikusita.    

Bukatzeko, ezin ahaztu udalen foroa sortu dugula. Errota  8 udalerriren elkarlanaren uzta da, eta foro honen bitartez herrien arteko elkarlana bultzatu eta proiektuak amankomunean garatzeko aukera emango digu.

Recommended Posts